XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Areto nagusian goizero bilera labur bat egiten zuten, eguneko ekintzak antolatzeko.

Eskolako kanta zutik kantatu eta gero, ikasleak lurrean esertzen ziren eta hasiera ematen zitzaion bilerari.

Lurrean eseri zenean, Eneko soinekotik tiraka hasi zen, zangoak nola edo hala estali nahian.

Marta andereñoa horretaz konturatu zenean, errieta egin zion:

- Utzi bakean soinekoa.

- Atzamar zikin horiekin soineko osoa lohituko duzu eta.

Enekok amorraturik begiratu zion eta betoskoa jarri zuen.

Eta horrelaxe egon zen bilera amaitu eta denak zutitu arte.

- Orain lau lagun indartsuren laguntza behar dut, eskolaurrekoen gelara mahai bat eramateko esan zuen zuzendariak.

- Nork joan nahi du?

Ia ikasle guztiek jaso zuten eskua, jakina.

Gustoko zuten denek handik paseoan ibiltzea eta patioa zeharkatzea.

Gainera, eskolaurreko gelan bazeuden musika-aparatua, iturria, kolore guztietako margoak, trizikloak, puzzleak eta beste hainbat jolas.

Eta isilik eta erdi ezkutuan egonez gero, bost bat minutu ere pasa zitezkeen, andereñoa konturatu eta handik bidali arte.

Horrexegatik, areto nagusian makina bat esku urduri ageri zen altxaturik.

Zuzendariak alde guztietara begiratu eta, azkenean, lau mutiko aukeratu zituen.